Umeen Gabonetako Parkeak ateak irekiko ditu larunbat honetan

Familietako txikienen Gabonetako ilusioa berriro ere protagonista bihurtuko da Bilbao Exhibition Centren larunbat honetatik aurrera. Umeen Gabonetako Parkearen 57. edizioak abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra zabalduko ditu ateak, Euskadiko eta inguruko beste komunitate batzuetako haurren, gazteen eta familien Gabonetako agendan galdu ezinezkoa den hitzordua ospatzeko.

UGPren funtsezko sei balioek erakutsiko dute ikaskuntza eta dibertsioa ez daudela kontrajarrita. Elkartasuna, Gizabidea, Jasangarritasuna, Berdintasuna, Familia eta Bizimodu Osasuntsua UGPren parte dira. Horregatik, Gabonetako hitzordu honetan garatuko diren jarduera guztietan egongo dira presente. Gainera, euskara berriz ere zeharkako balioa izango da, eta haren erabilera sustatzeko ekimen ugari izango dira.

Proposamen berritzailez betetako ekimena izango da eta hiru pabilioi hartuko ditu guztira: lehenengoa, hirugarrena eta bostgarrena. Bertan izango dira Bilboko Portuko Agintaritza, BBK Banku Fundazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, EEE-Energiaren Euskal Erakundea, Garbiker, Eusko Jaurlaritza edo Interbiak Bizkaia, kirol-jarduerekin batera. Aisialdi-esperientzia hainbat atrakzio tradizional eta berriekin osatuko da, hala nola Barku Pirata, Tropicana eta Spiderrekin. Zalantzarik gabe, zirraragarriak izango dira adin guztietako haurrentzat.

Aurten, beste alderdi batzuen artean, % 20 handituko da atrakzioen eskaintzan egindako inbertsioa, eta horrek nabarmen areagotu du kopurua eta dibertsitatea. Ildo horretan, jende gehien espero den barraketan ilaren kudeaketa eraginkorragoa izan dadin egin da lan. Barraka horietan laguntzaile bat eta hesi eta ilara indibidualak eta kolektiboak egiteko sistema bat ezarriko da, sarbideak arintzeko, eta barrakaren aprobetxamendua maximizatzeko. Hala, plaza hutsik gabeko bidaiak bermatuko dira eta parte-hartzaileek hirugarrengoentzat lekua hartzea eragotziko da.

Oro har, parte-hartzaile guztien esperientzia hobetuko duen UGP izango da. Sarreren online salmenta aktibo egongo da ekitaldiaren azken egunera arte eta azken edizioan dagoeneko ezarri ziren sarbide-kontrol azkarragoek ere eragin positiboa izango dute.

Gainera, dibertsitate funtzionala duten pertsonen gozamenerako, UGPk aisialdi irisgarria bermatzeko hainbat neurri hartuko ditu. Lehen bi egunetan, larunbatean eta igandean argiak egokitu eta pabiloietako soinua doituko da. Era berean, desgaitasuna egiaztatzen duen txartela aurkeztuz, erabiltzaileak eta bere laguntzaile batek prezio berezia izango dute sarreran eta modu librean sartu eta ateratzeko eskumuturrekoak emango zaizkie, norberaren erritmora gozatu ahal izateko. Halaber, ekitaldi osoan zehar, desgaitasuna egiaztatzen duen txartela aurkeztuz, erabiltzaileak eta laguntzaile batek lehentasunezko sarbidea izango dute kutxatilategian, baita hobaridun salneurria ere.

Azkenik, elkartasuna ere presente egongo da UGPan Bizkaiko Gurutze Gorriaren Gabonetako jostailu-bilketaren kanpainarekin. Horretarako, 1. pabiloiaren alboan, atrioko informaziogunetik hurbil, opariak jasotzeko puntua jarriko da lehenengo egunetik urtarrilaren 4ra arte.

 

AISIALDI HEZITZAILEKO PROPOSAMENAK

Beste edizio batez, erakunde, organismo eta enpresek hartuko dute parte UGPan, eta jarduera eta tailer ugari ekarriko dituzte. Bilboko Portu Agintaritzak portuko eta inguruko lanaren berri ematen lagunduko du, ingurumeneko sentsibilizazioa islatzen duten hainbat ikus-entzunezko materialen laguntzarekin. Gainera, txikienek aireko jolasen zirkuitu batekin eta aurpegi-margotzaileekin gozatu ahal izango dute.  BBK Fundazioak lau gune jarriko ditu: “Hirigunea”, txikienek hiria salbatzeko scape room gisako labirintoa; “Parkea”, erlaxatzeko gunea, liburutegiarekin; “Lantegia” GJHei buruzko tailerren eremua; eta “Diskoteka”, isilean dibertitzeko espazioa. Musikaz gozatzeko aukera izango dute bertan, entzungailuak erabiliz.

Berdintasuna eta gizabidea ordezkatuko dituzte, besteak beste, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Gazteak, Haurrak eta Familia arloetako zuzendaritzak. Beldur Barik programa aurkeztuko dute bertan, gazteekin batera gogoetak eta eztabaidak sustatzeko programa, gizarte parekideago bat lortzeko eraldaketan lankidetzan aritzeko. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saila tabletetan jokatzeko jokoekin itzuli da UGPra, besteak beste, KonEko-V jokoarekin; bertan, Nereak eta Peiok Kontzertu Ekonomikoaren erabilgarritasuna eta Euskadiko erakundeen antolaketa modu dibertigarrian azaltzen dute.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismoa Sailak Bizkaian mugikortasun aktiboaren politikaren garrantzia nabarmentzeko helburua sustatuko du. Eta EEE-Energiaren Euskal Erakundeari esker, haurrek kart elektrikoekin gozatuko dute berriro ere. Bizkaiko Foru Aldundia bere izotz-pista arrakastatsuarekin itzuliko da eta Garbikerrek berrasmatutako jolasak eskainiko ditu ingurumenaren ikuspegitik, berrerabilpena, birziklapena eta kontsumo jasangarria sustatzeko.

Telepizzak jatetxea irekiko du. Bestalde, Nerbioi Irratiak beste urtebetez soinu-banda jarriko du, karaokea, desfileak eta dantzarienentzat txikidiskoteka barne. Dagoeneko tradizioa da UGPan, beraz, ezingo da falta Interbiaken Olentzero lehiaketa. Bizkaiko berrogeita hamar ikastetxe baino gehiagotako DBHko lehen zikloko edo Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak aurkeztu dira lehiaketara. Eskulanak egiteko txokoa, koltxoneta elastikoak eta ibilgailu telegidatuak ere izango dituzte.

Kirola eta bizimodu osasungarria oso presente egongo dira UGPan. Hala, urtarrilaren 7an, Gabonetako VI. Lasterketa egingo da 2. pabilioian, gurasoek eta umeek familian lehiatuz goza dezaten. 1. pabilioian, Miniatletismoko Gabonetako IV. Torneoko mini-olinpiadak izango dira, Bizkaiko Atletismo Federazioarekin koordinatuta. Bestalde, Mahai-teniseko Bizkaiko Federazioa ere parte hartuko du prestakuntzak, erakustaldiak eta torneoak eskaintzeko. Beisboleko Bateatze Tunela ere izango da UGPan, Beisboleko Bizkaiko Federazioaren eskutik. Gainera, Eskubaloiko eta Saskibaloiko Federazioek beren txapelketak ekarriko dituzte Umeen Gabonetako Parkera.

  

INFORMAZIO PRAKTIKOA

BECek segurtasuneko eskumuturrekoak jarriko ditu bisitarientzat eskuragarri, umeen kontrola errazteko. Eskumuturrekoak erabiltzeko, 1. pabilioitik gertu dagoen atrioko informaziogunera joan beharko da.

UGPren ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik (egun horietan 11:00etatik 17:00etara bitartekoa izango da). Jaiegunetan (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an) itxita egongo da, eta abenduaren 18tik 21era bitartean, ordutegia 10:00etatik 19:00etara artekoa izango da. Sarrerak webgune ofizialaren bidez eros daitezke: https://pin.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/informazioa/fitxa-teknikoa/

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua izango da inaugurazio-ekitaldiaren buru, larunbat honetan, hilak 16, 11:15ean, 3. Pabiloian.

-ek idatzirik |2023-12-14T12:42:40+01:0014 de abendua de 2023|Albisteak|

Iruzkin bat utzi

Go to Top