PIN-UGP 2015/2016

Abenduaren 17tik urtarrilaren 5era Umeen Gabonetako Parkea izango da beste behin Bilbao Exhibition Centren, aurreko 50 edizioetan izandako arrakasta errepikatzeko asmoz haurren eta helduen dibertsioa kontua hartuta. UGP haurrentzat antolaturiko Gabonetako hitzordua da, beteranoena, bisitatuena, egun gehien irauten duena eta atrakzio eta jarduera gehien eskaintzen dituena Espainiako estatu osoan egiten diren guztien artean.

2015/2016ko UGPk berriz aurkeztuko ditu aisialdiko proposamen ugari, dibertimendua ziurtatzeko eta hezkuntza- eta kultur-balioak sustatzeko. Iaz bezalaxe, Gurasoen Gaua egingo da abenduaren 26an.

UGPren 51. edizioan, 65 stand paratuko dituzte erakundeek, enpresa publiko eta pribatuek, kultur elkarteek eta hedabideek: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Interbiak, BFAko Suhiltzaileak, Kutxabank, Osalan, Garraio Patzuergoa, Bilboko Portu Agintaritza, Norbega/Coca Cola, DEIA, Radio Nervión eta Telebilbao, besteak beste.

Era berean, BECeko pabiloietan banatuta, barraka ugari eta joko, emanaldi eta jarduera didaktikoen tailer ugari izango dira, baita kirol-, hezkuntza- eta kultur-tailerrak ere.

Aurrekoetan bezala, bertan izango dira zenbait atrakzio tradizional: autotxokeak, gaztelu puzgarriak, ontzi pirata, zezen mekanikoak, super kangurua, scalextrica, trena, karaokea, jumpinga, balea puzgarria, bideo-jokoak, Txikiparka eta aurtengo berritasunak: “Booster” delakoa, Jamaika, Zirku Handia eta Haurrentzako Igeltxoa. Halaber, beste edizio batzuetan bezala, Bizkaian Gabonetan ezarritako Izotzezko Pista handiena izango da.

Horrez gain, ondoko kirol-txapelketak jokatuko dira: Mahai Tenisaren Gabonetako XXXII. Txapelketa, UGPko Saskibaloi Txapelketa 2015-2016 (Bizkaiko Saskibaloi Federazioa), UGPko Eskubaloi Txapelketa 2015-2016 (Bizkaiko Eskubaloi Txapelketa), Beisboleko Bateaz Jotzeko Tunela (Bizkaiko Beisbol Federazioa) eta tiro olinpikoa.

GURASOEN GAUA”

Joan den edizioan, Umeen Gabonetako Parkeak “Gurasoen Gaua” berreskuratu zuen. Milaka helduk, gurasoek, horietako asko mozorrotuta, UGPko atrakzioez gozatzeko aukera izan zuten, hala nola zuzeneko musikaz dantza egiteko eta benta tradizionalez. Azken horiek dantzaleku bihurtu ziren zuzeneko musikari esker, eta afaltzeko, pintxoren bat jateko eta, jakina, kopa batzuk edateko parada ere eskaini zuten. Iazko arrakasta ikusita, aurten berriz irekiko zaie UGP helduei, iazkoaren antzeko egitarauarekin.

Sarrerak gainerako egunetako prezio bera izango du: 7,5 €. Mozorrotuta etorriz gero, 5 € balioko du. Lehenengo 1.000 bertaratuei Opari bana ematea aurreikusi da. Bost orduz, UGPra joaten diren haurren gurasoek aukera izango dute zenbait atrakzio eta barrakaz gozatzeko, hala nola helduentzako azoketako atrakzioen hautaketaz, horietako batzuk beren seme-alabek BECen erabili ohi dituztenak izanda. Zehazki, hamabost bat atrakzio adostu dira, guztiak helduentzat, esaterako: Ohe elastikoak, Super Kangurua, Sorginaren Trena, Zezen Mekanikoa, Eltzea, Jumpinga, Beisbola, Autotxokeak, Super Igela, Dragoia, Ontzi pirata, “Jamaika”, etab. Bertaratuak nahi beste aldiz igo ahal izango dira. 

IZOTZ GAINEKO PATINAJE PISTA

Aurreko edizioetan bezala, erakundeak ere UGPn izango dira. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak Gabon hauetan lurraldean ezarriko direnen arteko “Izotz gaineko patinaje pista” handiena jarriko du; Interbiakek, Bizkaiko Foru Aldundiko baltzu publikoak, Ludoteka bat paratuko du txikienak jolas daitezen, hala nola plastikozko piloten igerilekua, Zurezko jolas tradizionalak, eskulan-tailerrak, koltxoneta elastikoak, bizikletaz egiteko bide-hezkuntzako zirkuitua, “Olentzero Irratia”, Interbiaken standa dinamizatzeko irratia, hain zuzen, Olentzeroen erakusketa tradizionala eta Interbiakek eginiko lanen panelak bilduko dituen erakusketa. 

PUMP TRACK ETA…GEHIAGO…

Batetik, Bilboko Udalak “Pump Track” delakoarekin hartuko du parte. Atrakzio horrek norabide bakarreko ibilbidea dauka MBX bizikletak, skateak eta patineteak ibil daitezen, alegia, gazteek goza dezaten.

“Pump Trak” osatzeko instalazioa 70 bat metro luze da, eta 1,10 metro zabal, eta muturreko euspen-zorua dauka. Jarduera bakoitza segurtasun osoz gara dadin, instalazioan hiru begirale izango dira erabiltzaileei laguntzeko. Gainera, hainbat motatako hamar ibilgailu jarriko dira erabiltzaileen eskura.

Bestetik, Kutxabankek triziklo, patinete eta autoen pistak eskainiko dizkie gazteei. Era berean, ludoteka-gune bat izango du, eta Sormen Lehiaketarako marrazkien erakusketa-gunea, dantzatzeko pista, ohe elastikoak eta Athletic gunea ere bai, futbol-zelaia eta Harro Lehoia barne.

Osalan ere UGPn izango da. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko kultura zabaltzeko eta bultzatzeko asmoz, familia osoarentzako gunea antolatu du jarduera didaktiko eta dibulgaziozkoez osatuta, bideo-jokoekin, pista amerikarrarekin, garraiatzeko eta erabiltzeko materiala duen lantoki bitxiarekin, umeei arrisku psikosozialak prebenitzen irakasteko asmoz, “kroma” gunea irudiekin jolasteko, photocall esparrua Osalanen maskotekin, Sare Sozialetara konektatzeko esparrua eta animaziozkoa… horrez gain, sari apartak banatzeko zozketak egingo dira.

Bilboko Portua erakunde klasikoa da UGPn. Aurten, berritasuna dakar: edukiontziak zamatzeko simulagailua. Gune harrigarri horretan, haurrak aurrera eta atzera ibili ahal izango dira simulaturiko edukiontziak itsasontzietan kokatzeko. Esparrua txikienentzako puzgarri eta ludoteka banarekin osatuko da.

UGPko beste klasiko bat Coca Cola da; oraingoan, patin elektrikoetarako gunea paratuko du puzgarriz hesituriko eremu batean.

Bere aldetik, DEIA egunkariak Bubble Balls delakoarekin hartuko du parte. Bertan, haurrak eta zertxobait zaharragoak bola handi batzuetan sartu ahal izango dira. Radio Nervión-Telebilbao (Grupo Nervión) taldeak jarduera-mota oro antolatuko du haur eta gazteentzat. Honakoak nabarmentzen dira: karaokea, DJentzako eskola, magoak, pailazoak, hainbat playback-lehiaketa eta Gabon-kanten ohiko erakusketa, besteak beste.

Parkea Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak inauguratuko du abenduaren 17an, 11:30etik aurrera.

————————————————————————————————— 

 

Ordutegia

11:00etatik 20:00etara

Abenduaren 24 eta 31n eta urtarrilaren 5ean: 11:00etatik 17:00etara

Itxita abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean

Leihatilak zabalik egongo dira hasiera- eta bukaera-ordutegiak baino 30 minutu lehenago.

Sarreraren prezioa

3 urtetik beherakoak: dohainik

Tarifa Orokorra7,50 € Leihatilan eta Makinan.

10 sarrerako sorta65 € (Leihatilan baino ez)

Kolektibo Laguntzaileak: 6,50 € (Leihatilan baino ez, dagokion txartela aurkeztuz gero)

Gurasoen Gaua:  7,5 €. Mozorrotuta joanez gero, 5 €.

Eros daitekeen gehieneko sarrera-kopurua:

IKEA family: 2 sarrera txarteleko

Kide Ugariko Familiak: sarrera 1 kide ugariko familiako kide bakoitzeko

Gazte Txartela: sarrera 1 txartelaren jabearentzat

Aurretiko salmenta Kutxabanken kutxazainetan

 

-ek idatzirik |2015-12-16T11:29:47+01:0016 de abendua de 2015|Albisteak|

Iruzkin bat utzi

Go to Top