Tradizio batzuk belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira eta familien memoriaren parte bihurtzen dira. Umeen Gabonetako Parkea da horietako bat. Gabonetako hitzordu garrantzitsuaren 60. edizioa izango da aurten. Urteurren benetan berezia da, orain arte egindako ibilbidea gogoratzeko eta esperientzia berriak sortzen jarraitzeko gonbita egiten diguna. Abenduaren 12tik urtarrilaren 5era bitarte, milaka haur, gazte eta heldu elkartzeko, ondo pasatzeko eta ikasteko espazio handia bihurtuko da berriro ere Bilbao Exhibition Centre, eta hirurogei urtez partekatutako bizipenak ospatzeko aukera izango dute UGPrekin batera.

Familien eta ikastetxeen erreferentziazko hitzordua 1964tik

UGP 1964ko Gabonetan sortu zen, Bilboko Laginen Azoka zaharrean. Estatutako Gabonetako parkerik zaharrena da, eta beste hiri eta komunitate batzuetan antzeko ekimenak inspiratu zituen eredu aitzindaria izan zen. Neguko oporretan zehar aisialdia estalitako espazio handi batean eskaintzeko sortu zen, eta familientzako eta ikastetxeentzako erreferentzia bihurtu zen segituan, bai Euskadi osokoentzat, bai inguruko probintzietakoentzat.

Babes instituzional handia izan zuen hasieratik. Erakunde publikoek beren espazio propioak diseinatzen zituzten, eduki hezitzaileekin, kulturalekin eta dibulgatiboekin. Formatu handiko muntaketetan islatzen zen inplikazio hori, parkearen ezaugarririk bereizgarrienetako bat izan baita.

2004an, Bilbao Exhibition Centre inauguratu zenean, espazio horretara eraman zuten UGP. Zutaberik gabeko pabilioi handiei esker, atrakzio handiagoak integratu ziren, izotz-pista handi bat instalatu zen, eta kirolarekin, kulturarekin eta teknologiekin lotutako eremuak hobeto antolatu ziren. Eta funtsezko gauza bat mantendu zen: hori guztia sarrera bakar batekin egiteko aukera izatea. Hori izan da, hain zuzen ere, arrakastaren gakoetako bat.

Denbora honetan zehar, hainbat belaunalditako haurren parte izan da UGP, eta jolas egiteko, deskubritzeko eta ikasteko modu berrietara egokitu du bere proposamena. Atrakzioek eta jarduerek eboluzionatu egin dute, baina oinarria berbera da: espazio bakarrean biltzea adin guztietako pertsonak, familian ondo pasatzeko pentsatutako proposamenarekin.

Balioak ardatz dituen hezkuntzaren alde egindako apustuak nortasun propioa eman dio egitasmoari, eta, duela edizio batzuetatik, sei ardatz ditu oinarri: jasangarritasuna, familia, bizitza osasungarria, elkartasuna, berdintasuna eta gizatasuna. Euskara zeharkako balioa da. Markaren siglekin lotutako sei munstroetako bakoitzak ordezkatzen du ardatz bakoitza, eta horiek guztiek gidatuko dituzte parkearen proposamenak 60. edizio honetan ere.

2026-2027 edizioaren aurrerapena

Edizio berrian askotariko adin eta interesentzat prestatutako esperientzia ludikoak eta hezitzaileak, kirol-jarduerak eta 30 atrakzio baino gehiago izango dira. Hitzordurik garrantzitsuenak Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, abenduaren 12an eta 13an, eta Gabonetako Lasterketa tradizionala izango dira. Aurten abenduaren 20ra aurreratu da eta izen-ematea zabalik dago dagoeneko.

Jakin-minaren eta sorkuntzaren espazioa izango da STEAM Gunea; zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika modu praktikoan eta parte-hartzaileen hurbiltzeko haurrei zein gazteei. Berrikuntza gisa, ikastetxeentzako eta aisialdi taldeentzako jarduera gidatuez gain, esplorazio autonomorako eremu bat egongo da.

Gainera, inklusioarekiko konpromisoa indartuko du UGPk: hiru egunetan beharrean sei egunetan ezarriko dira irisgarritasun-neurri bereziak, abenduaren 12tik 17ra. Egun horietan, argiak eta soinuak erregulatuko dira 16:00etatik aurrera, eta atsedenerako gela berri bat egongo da. Aurten ere, BEC lankidetzan ariko da Bizkaiko Gurutze Gorriarekin, jostailuak biltzeko kanpaina egiteko.